Urumea Arnastu natur gunea esperientzia berri eta aberasgarriz beterik dago, natura eta tradizioak bat egiten duten ingurune paregabean. Bertako biztanleek bizimodu eta ohitura asko mantentzea lortu dute. Modu honetan, gaur egun, betiko zaporeak, antzinako moduak eta bertako lehengaiak aurki ditzakegu inguru zoragarri honetan.
Gure lurretan ekoiztutako jakiak edota larreetan hazten diren ardi zein betizuak kalitatezko produktuak ematen dituzte. Baserri askotan oraindik eskuz gazta egiten dute urtero, baita sagardoa edo ogia ere. Ez da arraroa inguru hauetako erlauntzetan baserritarrei eztia biltzen ikustea. Aipatzekoak dira, era berean, Goizuetan hain ezaguna den Buru zopa (arkume burua, birikak eta bihotza) esteekin egindako tripotxak eta eltzekoa. Ez ezazue produktu guzti hauek dastatzeko aukera galdu!
Sagardoa
Sagardoak eta sagardotegiek, tradizioa dela medio, lehentasunezko tokia dute Hernanin eta Ereñotzun, gure kulturan eta gure egunerokoan. Sagardogileek modu tradizionalean egiten dute sagardoa, berezko zaporea eta ezaugarriak bermatzeko.
Sagardoa, urtarriletik aurrera dastatu ahal izaten da txotxean sagardotegietan apirila bukaerara arte eta urte osoan botilan. Hernaniko Tolarea kofradiak urtean bi jai antolatzen ditu (martxoan eta irailean) sagardoaren tradizioa sustatzeko.
Mikologia
Arano eta Goizuetako lurrak perretxiko eta onddoen paradisua dira. Bertako basoetan mota askotarikoak topa daitezke. Bilketan naturarekiko errespetua izatea eskatzen da beti ere.
Betizu haragia eta arraultza ekologikoak
Betizua Euskal Herriko mendietan aspalditik bizi den basa behiaren arraza da. Gaur egun, Goizuetan kalitate handiko betizuaren haragia ekoizten da. Era berean, zenbait baserritan arraultza ekologikoak saltzen dituzte. (www.maingenea.com)