Biztanleria (2012): 758 biztanle
Azalera: 91, 26 km2
GPS koordenatuak: 43.170978, -1.864305
Zubi Haundi zubiak eman dio izena herriari. Zubi horrek Urumea ibaiaren bi bazterrak elkartzen ditu, eta baita ibaiak banatutako herriaren bi zatiak ere. Goizueta izenaren jatorria euskarazko “goi”, “zubi” eta “-eta” hitzetan dago. Azkeneko “eta” hori tokia adierazteko atzizkia da, hortaz izenak, bere osoan, “goiko zubia dagoen tokia” edo gisako zerbait esan nahi du.
Erdi aroan, garai hartako gatazken ondorioz, behin eta berriz erre zuten herria. Herria babesteko bi dorre eraiki ziren: Zibola eta Alduntzin. Gaztelako armadak herriari su eman zion 1430. urtean. Horren ondorioz, Juan II.ak Gaztelako erregeak hamar urtez kuartelak ordaintzera behartu zituen goizuetarrak. XVIII. mendearen bukaeran Goizuetan lau burdinola eta kobrezko xaflak egiteko ola bat ari ziren lanean. Goizarin, Elama eta Alduntzin ditugu burdinola horietako batzuk. 1.630 urtera arte, Goizuetako udalerriak Arano herria bere juridikziopean eduki zuen.
Goizuetako semea da Fermin Antonio Apezetxea Jauna, Isabel Katolikoaren Erret Ordenako Zalduna eta Armadako Intendentea.
Geografia
Goizuetako udalerria Nafarroako ipar-mendebaldean kokatuta dago, Mendialdea izeneko inguruan, Iruñeko Merinaldean barruan. Iparraldean Lesakarekin eta Gipuzkoarekin egiten du muga; ekialdean Arantzarekin; hegoaldean Leitza, Ezkurra, Eratsun, Labaien eta Zubietarekin; eta mendebaldean Arano eta Gipuzkoarekin. Herriguneaz gain, honako auzoak ditu Goizuetak: Aitasemegi, Alkanzuriain, Alkaso, Artikutza, Berazkun eta Tartazu.
Goizuetako udalerriak 91.42 km2-ko azalera dauka, eta ia oso-osorik Bortzirietako Eskisto mendigunearen barruan dago. Bertan daude, besteak beste, Mandoegi, San Pedro, Errekalko, Loizate, Artikutza, Anizlarrea, eta Berdabio mendiak. Oso ugariak dira bertan haritzak (batez ere ipar-ekialdean), eta baita pinu beltzarekin eta laritz japoniarrarekin egindako basoberritzeak ere. Erbiak, oilagorrak, usoak eta basurdeak ehizatzen dira bertan, eta arrantzari dagokionez, amuarrainak. Paisaia gorabeheratsua da eta bertako klima hezea.
Geologiari dagokionez, Goizuetako lurretan burdina dagoela oso aspaldiko kontua da, eta antzinako burdinolen eta meategien hondakinak agertzen zaizkigu bertan.