Arano

Herria

Biztanleria (2012 INE): 121 biztanle.

Azalera: 13.6 km2

GPS koordenatuak: 43.199174, -1.89433

Historia:

Arano herria Nafarroaren ipar-mendebaldean kokatuta dago, Iruñeko Merinaldean. Mendebaldean Hernanirekin egiten du muga, Errenteriarekin iparraldean eta Goizuetarekin hego-ekialdean. Toponimoaren jatorria eta esanahia ez daude guztiz argi. Hipotesiarik zabalduena Koldo Mitxelenak emandakoa da, Arano izena (h)aran eta –no atzizki txikigarriak osatuko lukete eta “aran txikia” esan nahiko luke.

Arano Nafarroako herri isolatuenetariko bat da. Gertueneko herria Goizueta da, 14 km-ra dagoena. Gipuzkoarekin oso ondo komunikatua dago, Hernani 18 km-ra eta Donostia 26 km-ra besterik ez.

Herri honek badu harro egoteko motibo bat: gaur Nafarroa osatzen duten herri guztien artetik, Kantauri itsasoa herritik bertatik ikusten den bakarra da eta. Egun eguzkitsuetan Bermeoko “Gaviota” ere ikustera iristen da.

Sei auzok osatzen dute herria: Goiko herri, Beheko herri,  Suro, Latxe, Benta Berri eta Arranbide. 1630. urterarte Arano Goizueta herriaren barruan zegoen, Felipe IV erregeak herri aske izateko eskubidea zabaldu zienean 700 dukadoren truke.

Aipatzekoa da Aranon Keler garagardo fabrika ezaguna existitu zela. 1982an Donostitik Aranoko udal-barrutira eraman zuten Cervezas El León donostiar enpresa, El León edota Keler garagardo marken ekoizlea, besteak beste. Cervezas El León Cruzcampo enpresak erosi zuen eta azken hau, aldi berean, enpresa-talde desberdinen eskuetatik pasa zen, Guinness eta Heineken (2000.urtean) hala nola. 2008an fabrikaren itxiera eta produkzioaren lekualdatzea iragarri zen, 25 urteko garagardo tradizioari bukaera emanez.

Zer egin eta ikusi Aranon